2006/11/02

Jangelak

Urtez urte geroz eta gehiago dira eskolako jangeletan gelditzen diren haurrak. Baina eskoletako jangelak ez dira soilik bazkaltzen ematen duten lekua; jangeletan, beste haurrekin batera jaten ere ikasten dute.

Gaur egun, jangeletako bazkariak dietista edo aditu batek gainbegiratzen ditu gehienetan, eta gurasoei hilabete osoko menuaren berri ematen zaie.

Eskola bakoitzak aukeratzen du janaria prestatzeko modua, baina Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak bere esku izango du ikuskatzea eta homologatzea eskoletako jangelak, esleipendunak janariak biltegiratzeko eta prestatzeko dituzten lokalak, jakiak, e.a.

Jangelako menua urtaroen arabera aldatzea gomendatzen da, urtaro bakoitzak eskaintzen dituen produktuen kontsumoa bultzatzeko. Gainera, udaberrian eta udan plater hotzak jar daitezke, entsaladak eta krema hotzak adibidez; udazkenean eta neguan, berriz, beroagoak, hotzari aurre egiteko. Bestetik, ez da gomendagarria jana oso xehatua ematea beti (pureak, hanburgesak...), haur txiki-txikietan izan ezik. Haurrak testura ezberdinetako jakiak jaten ikasi behar du.

Jangelaren aukerak baditu beste abantaila batzuk: jale txarrak diren haurrek besteekin batera askoz hobeto jan ohi dute, eta jaten ikasteko aukera egokia izan daiteke.

Inoiz ez da jangelaren esku utzi behar haurraren elikadura egokiaren ardura osoa, bazkaria otordu bat besterik ez delako eta haurrak etxean egiten dituelako beste guztiak.


1 comentario:

Anónimo dijo...

Beti esaten dute jangeletako menuak dietista batek gainbegiratuak izaten direla. Baina gero, egiten dituzten azterketetan jangela gehienetako menuek gabezia handiak dituztela eta ez direla orekatuak azaltzen da. Nola liteke hori? denok ikusi dugu noizbait jangelako menuren bat eta orokorrean barazki, fruta eta batez ere arrain gutxi egoten dela esango nuke, eta egoten denean ere ez modu erakargarrian aurkeztua.